miércoles, 12 de noviembre de 2008

XXI.mendean irakastea zer den

Ekinez ikasten dela oinez esan ohi da, eta irakaskuntzaren kasuan ere, kontuan hartu beharko genukeen esapidea da hau. Zertarako ikasi buruz irakasle batek esaten duena, ikasleak beti sormenaren lehioa itxirik edukiko badu? Buruz ikasitako horretan trebatzerik ez badu?
Gizarte aurrerakoi batean bizi garela errepikatzen digute behin eta berriz, baina garai bateko irakaskuntza teknikek jarraitzen dute oraindik indarrean. Ikasleak entzule hutsa izatetik, parte hartzaile aktibo izatera iritsi beharko luke, horretarako: konpetizioa, kooperazioa eta kolaborazioa bezalako kontzeptuekin egunero lan eginez.
Ikasleei beren buruekin konpetitiboak izaten irakatsi behar zaie; beren mugak zeintzuk diren erakutsi ondoren, eduki ditzaketen oztopo hauek gainditzeko baliabideak emanez. Teorietatik praktikara jo behar da. Baina, irakaskuntzaren kontzeptu berri honetan, badira kontuan hartu beharreko beste ideia batzuk ere. Talde lana sustatu behar da, ikasleak ez duelako berak bakarrik lan egingo. Beste gizabanako batzuekin etengabeko kontaktuan egongo denez, kooperazio eta kolaborazioaren lanketa behar-beharrezkoak dira.
Aldaketa honen lehen pausoa ikasgelen itxura tradizionala aldatu eta hauek ere sormenezko gune bihurtzea izango litzateke. Aurrerapen teknologikoak ikasgela batzuetan sartu diren arren, ez dauka inolako zentzurik 1960ko egitura mantentzen duten ikasgeletan irakasten jarraitzeak.
John Holt-ek dion bezala, "irakaskuntza egoki baten etsairik handienetako bat soilik hitz egiten duen irakaslea da". Ikasleak beti gogoan eduki beharko lirateke beren parte-hartzea uneoro bultzatuz. Klase interesgarri eta parte-hartzaile bat eginez gero, ikasleen ikasteko gogoa ere areagotuko da.
Antzinako kolpe bidezko irakaskuntzarekin amaitzeko gai izan baginen, XXI.mendeko egoerarekin erlazionaturiko irakaskuntza sistema bat sortzeko gai izango gara. Oraindik asko dago egiteke eta inork ez zuen inoiz esan aldaketak ematea erraza izango zenik.

No hay comentarios: