martes, 18 de noviembre de 2008

Leioako campus berriari buruz bideolana

Hona hemen, azken urteetan Leioako Campusean egiten ari diren obrak amaitzean guztiak izango omen duen itxura. Gorka Palazio irakasleak egin duen bideo lana da honakoa. Nire ustez, Campusak horrela geratu behar badu, langileek ordu asko eman beharko dituzte oraindik lanean...

miércoles, 12 de noviembre de 2008

XXI.mendean irakastea zer den

Ekinez ikasten dela oinez esan ohi da, eta irakaskuntzaren kasuan ere, kontuan hartu beharko genukeen esapidea da hau. Zertarako ikasi buruz irakasle batek esaten duena, ikasleak beti sormenaren lehioa itxirik edukiko badu? Buruz ikasitako horretan trebatzerik ez badu?
Gizarte aurrerakoi batean bizi garela errepikatzen digute behin eta berriz, baina garai bateko irakaskuntza teknikek jarraitzen dute oraindik indarrean. Ikasleak entzule hutsa izatetik, parte hartzaile aktibo izatera iritsi beharko luke, horretarako: konpetizioa, kooperazioa eta kolaborazioa bezalako kontzeptuekin egunero lan eginez.
Ikasleei beren buruekin konpetitiboak izaten irakatsi behar zaie; beren mugak zeintzuk diren erakutsi ondoren, eduki ditzaketen oztopo hauek gainditzeko baliabideak emanez. Teorietatik praktikara jo behar da. Baina, irakaskuntzaren kontzeptu berri honetan, badira kontuan hartu beharreko beste ideia batzuk ere. Talde lana sustatu behar da, ikasleak ez duelako berak bakarrik lan egingo. Beste gizabanako batzuekin etengabeko kontaktuan egongo denez, kooperazio eta kolaborazioaren lanketa behar-beharrezkoak dira.
Aldaketa honen lehen pausoa ikasgelen itxura tradizionala aldatu eta hauek ere sormenezko gune bihurtzea izango litzateke. Aurrerapen teknologikoak ikasgela batzuetan sartu diren arren, ez dauka inolako zentzurik 1960ko egitura mantentzen duten ikasgeletan irakasten jarraitzeak.
John Holt-ek dion bezala, "irakaskuntza egoki baten etsairik handienetako bat soilik hitz egiten duen irakaslea da". Ikasleak beti gogoan eduki beharko lirateke beren parte-hartzea uneoro bultzatuz. Klase interesgarri eta parte-hartzaile bat eginez gero, ikasleen ikasteko gogoa ere areagotuko da.
Antzinako kolpe bidezko irakaskuntzarekin amaitzeko gai izan baginen, XXI.mendeko egoerarekin erlazionaturiko irakaskuntza sistema bat sortzeko gai izango gara. Oraindik asko dago egiteke eta inork ez zuen inoiz esan aldaketak ematea erraza izango zenik.

lunes, 10 de noviembre de 2008

Lively.com by google

Joan den ostiralean lively.com webgunean egindako saiakeraren ondoren, programa hau gustatu zaidala aitortu behar dut. Ez naiz internet bidezko komunikazioaren oso zalea, zenbaitetan nahiko hotza gerta daitekeela iruditzen baitzait. Hala ere, lively.com jendearekin komunikatzeko era berritzaile eta dibertigarria iruditu zait.
17:30ak aldera klaseko hainbat jende bertan bildu ginen, baina gure ustekaberako, ez zen guztientzat leku nahikorik; honenbestez, klaseko zenbaitek eta irakasleak berak ere kanpoan geratu behar izan zuten. Hala ere, saio nahiko luzea egin genuen bertan geundenak eta bata bestearen "avatarea" zein zen ikusita txantxa batzuk egiteaz gain, elkarrekin komunikatzeko aukera izan genuen.
Azken orduko gora-beherak ekiditeko asmoz, aurreko egunean sartu nintzen "avatarea" egin eta programa ezagutzera. Uste baino denbora gutxiago behar izan nuen horretarako, guztia modu erraz batean egiten baita. Gmail kontu bat edukitzea da eskatzen zaizun baldintza bakarra. Avatarea aukeratu, itxura aldatu eta izena eman ondoren, gela bat aukeratu behar da. Pauso gutxi hauek egin ostean, herrialde ezberdinetako jendearekin hitz egiteko aukera izan nuen.
Beraz, lively.com orrialdea jendearekin erlazionatzeko modu interesgarri eta berritzailea dela iruditu zait. Chat bat izateaz haratago, denetarik (dantzatu, barre, negar...) egiten dakien pertsonaia bat sortzeko aukera duzu. Gela batean sartzean, bideo joko bat gogorazten duen gune batean sartzean gara, esan beharra dago, jendeak lan bikainak egin dituela bere gelak eraikitzeko garaian. Hala ere, badu konpondu beharreko arazo bat; gelek jende kopuru mugatua izatea alegia, horrek gure saiakeran arazo bat baino gehiago sortu baitzituen.
Egun, gazteen artean oso ezaguna ez den arren, pixkana-pixkana hedatu eta agian etorkizunean komunikatzeko erabiliko dugun tresnetako batean bihurtu liteke.